Beste agenda bat, beste garai bat
Fernando Golvano
Jorge Semprúnek idazlearen irudia eta demokraziari buruzko mahai-inguru batean geure gizarteak inolako ordezko eredurik gabe eraldatzeko beharraren aurrean gaudela esan zuen. Horixe da krisialdiaren atzean dagoena. Demokrazia, geure garaiko etorkizun gaindiezina den arren, ez dago mehatxuetatik aske. Badakigu araubide demokratikoak garatzeko eta sakontzeko demosaren subiranotasuna eta giza eskubide unibertsalak bermatuko dituzten legeak eta baloreak behar dituela, baina demokraziaren etorkizuna ez dago behin betiko bermatuta. Gizarte demokratikoaren nagusitasuna, beste ereduekiko, legeak eta araubidea bidezkoak diren ala prozedura demokratiko propioen bitartez aldatu behar ditugun galdetzeko aukera ematean datza. Ezinbesteko azalpenetan, elkarrizketa eta gatazkaren bitartez, etengabeko autoinstituzioaren germen humanista hori birsortzen da. Eta horixe da, hain zuzen ere, Europako kulturaren pribilegioetariko bat eta haren historian eta legatu anitzetan geure burua islatuta ikus dezakegu.
Gogoan izan behar dugu proiektu demokratikoa Grezia klasikoan sortu zela gertakizun desberdinen elkarrekintzaren ondorioz: hots, polisaren sorkuntza-autoinstituzioa, bere hasierako zehazpen mitiko, jainkotiar, edo bestelako izaera heteronomoarekiko autonomia irabazten zihoan hausnarketa-jakituria baten agerpena, eta tragedia handiek suposatzen zuten bitartekotza pedagogiko eta poetikoa. Geure garaian ere kultura sortzea balore demokratikoen eta Tzvetan Todorov-ek «zoriontasun ahul batera soilik eraman gaitzakeen txalupa ahul bat» bezala definitu zuen ideal humanistaren magma berritzailea izan daiteke. Zer lotura du horrek guztiak Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburua izateko kandidaturaren kontuarekin? Zerikusi handia dauka, izan ere, beharbada erakundeek eta herritarrek helburu hori lortzeko lan egitera animatuko baititu. Josep Ramonedak giza izaera eta tokiko eta mundu mailako testuinguruko egunerokotasuna kultura hiriburuaren gaia izatea postulatu du. Geure hiria balore demokratikoen etorkizunarekin lotuta dauden gai horien inguruko etengabeko nazioarteko hausnarketa sare baten sustatzaile bilakatzea izango litzateke helburua. Aldi berean tokikoa eta mundu mailakoa den aparteko erronka eder hau berez da baliotsua, geure hiriak Atxagak irudikatutako "Euskal hiria"rekin batera hautagai izendatua izatea lortzeaz haraindi. Gaurtik 2016ra arte kairós berri bat zabal liteke, hots, kultura sortzeko eta geure hiriak eraldatzeko anaitasunezko garai apropos bat.
Erronka handi horren ondorioz, ezinbestean irudikatu beharko genituzke poetika eta politika berriak, bizitza eta gizartearen arlo guztietako ekintza sortzaile berriak. Beharrezkoa izango litzateke anitza eta zabala den kultura eta ikerketa saretik, publiko nahiz pribatutik, indar kritikoa hartzea. Baina, nire ustez, ez genuke dagoeneko emandakoa baliabide gehiagorekin luzatzeko tentazioan erori beharko. Edo bestela, hautagai izatea lortzea geurea ezagutzera emateko tresna soil izan liteke. Ez al litzateke hobe izango euskal kulturaren berrikuntza anitz eta irekia aktibatzea Espainia, Europa eta munduko kulturan dauden erronka eta ekarpenekin tentsio kritiko berri batean? Gaur egun oraindik herritarren zati bat mehatxu terroristaren menpe dago, beste pertsona askok gizarte bazterkeria edo beren giza eskubideen urraketa pairatzen dute. Kulturaren hiriburua izatearen ekimena bidearen bukaeran demokrazia eta askatasun gehiago irabazteko testuinguru egokia izatea pena merezi du. Baina, kultura politika eta politika artistikoa garapen iraunkorraren oinarritik abiatuz planteatzea komeni da. Hausnarketa sare bat sortzea eta bertan, agentziek eta kultura eragileek, ikertzaileek, artistek eta kritikariek esku hartzea eta kultura eta politika ekologia berri baten inguruan ikertzea eta ekimenak proposatzea. Ikuskizun kultura gutxiago eta kultura demokrazia gehiago, zaharra dena ezkutatzeko marketin gutxiago eta berria sortzeko ethos gehiago, zientifikoa eta teknikoaren sublimazio gutxiago eta pentsamendu kritiko gehiago. Horiexek izango lirateke proiektu demokratikoaren mapa europarrean beste modu batera kokatuko gintuzketen etengabeko kultura eta hausnarketa ekintzaren erronka batzuk. Egungo konplexutasunaren labirintoan, ekintza sortzaile horrek beste agenda bat emango liguke: pentsa eta egin daitekeenaren irudi berriak.

Iruzkinak