Berdinak desberdintasunean
1. Geure konpromisoa herrialdearekin
Zenbait adin eta belaunalditako emakume gara. Batzuk mugimendu feministakoak gara, beste batzuek emakume-elkarte eta –sareetan parte hatzen dugu. Denok gara herrialde honekin konprometitutako euskal herritarrak. Gizarte-mugimendu bat sustatzen dugu; helburu oso heterogeneoak ditu mugimendu horrek, baina historiako menderakuntza sistema luze eta unibertsalenetako bat zalantzan jartzeko eta aldatzeko gai izan da, gizonek emakumeengan izan duten nagusitasuna hain zuzen. Aurrekoek utzitako testiguaren eramaile gara; emakume aitzindari horiek hiritartasun eskubidearen alde egin zuten, eta gai izan ziren denbora luzez politika- eta gizarte-eremutik emakumeak kanpo utzi dituen kultura- eta arautegi-sistema zalantzan jartzeko eta iraultzeko.
Herrialdearekin konpromiso bat dugu.Askotan gutxiengoa izan gara eta ez gaituzte beti ulertu, baina adore handiz euskal gizartean garrantzi handiko aldaketa sozial eta politikoa bultzatu dugu, gizarte berdintsuago eta demokratikoagoa lortzen laguntzeko modukoa.Hitza dugun pertsonak bezala, eta esperientzia kolektibo bat elkartzen gaituela, demokraziaren azken hogeita hamar urte hauetan gure egonezina adierazi dugu frankismotik datorkigun emakume izateko modu horren aurka. Feminitate eredu itxurati eta geldoari aurka egin diogu; diktaduratik datorkigun eredua da eta horren arabera emakumeak emazte, ama eta etxekoandre baino ezin dira izan. Geurea egin dugu gaur egun politikaren eremu handi bat gidatzen duen arau bat: Pribatua dena publikoa da.
Euskal emakumeak, munduko beste emakume batzuk bezala, eskubide- eta aukera-berdintasunerako bidea egiten ari gara. Hamaika zailtasun gainditu ditugu lan-merkatuan sartzeko, era masiboan sartu gara hezkuntzan, komunikabideetan iritzia sortu dugu, hezkuntzan eta osasunean garrantzi handia dugu. Gero eta gehiago agertzen gara erabakiak hartzeko foroetan. Gainera borrokatu dugu gizarteari ondokoa ulertarazteko: botereak eta politikak zerikusi handia dutela familia-eremuan gizon eta emakumeen artean sortzen diren harremanekin.
2. Emakumeak eta aldaketarako beharra
Oraindik bide luzea dugu egiteko. Indarkeria matxistak ez du amore ematen. Ekonomia eta politikaren eremu askotan bizirik diraute antzinako eredu misoginoek. Nekatuta gaude lanaldi bikoitzarekin, egunero egoera estresagarria sortzen baitu. Emakumeen soldata gizonena baino %25 txikiagoa da. Lan-sektore jakin bat emakumeekin betetzen denean, sektore hori ezegonkor bihurtzen da. Merkatuaren ekonomiari eta zaintzaren ekonomiari erantzuten diegu. Ongizatearen eta afektibitatearen eremu ia guztiak betetzen ditugu, auzoetako elkarte-mugimenduak, eskola-kontseiluak, jarduera boluntarioak eusten ditugu, eta hori guztia inolako onarpenik gabe eta eskubide guztiak eduki gabe. Honako modu honetan labur dezakegu: emakumeak kalera atera gara, baina gizonak ez dira etxean sartu.
Seguru gaude politika egiteko moduak aldatu behar direla erronka horiei erantzuteko. Geurea den ondoko lema gauzatuko duen politika nahi dugu: “Berdinak desberdintasunean”. Gure ustez berdintasunak eduki juridikoa du: Denok ditugu eskubide eta betebehar berberak, nahiz eta nortasun-esperientzia desberdinak izan. Ez dago kultura edo nortasun nagusi bat, ereduak zehatu eta markatzeko eta lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzeko modukoa. Berdintasunaren kontzeptuak ere badu gizarte izaera, eta guztiontzako aukera-berdintasuna dakar berekin. Nahi kolektibo honen bitartez, mesfidantza adierazi nahi dugu azken urte hauetan herrialdea zuzendu dutenekin. Nekatuta gaude arazo guztiak konpontzeko erabiltzen den babes nazionalistarekin. Gainera ez dugu nahi emakume izateko eredu bat ezartzea. Gure helburuak lotura estua du beste emakume batzuen helburuarekin, bizi garen lurraldea edozein izanda. Are gehiago, gure kide sentimendua abian jartzen diren politika eta ekimen asko eta asko "nazionalizatzeko" saiotik haratago doa, eta askotan horren aurkakoa da. Autokonplazentzia handiegia dute gero eta globalizatuago den une historiko honi aurre egin ahal izateko.
Munduko beste emakume askorekin batera goaz, gaur egungo mendebaldeko gizarteak argiztatu zuten pentsamendu ilustratuaren ereduekin konektatzen dugu; eredu horiek herritartasunean eta pertsonen autonomian oinarritzen dira, eta sufragistek duintasun handiarekin egin zuten eredu horien alde. Geurea egiten dugu ezkerraldearen ohituraren alderdi onena, guztiontzat —emakume zein gizonentzat—, berdintasunaren bandera hartuz. Horregatik diogu Zapateroren gobernuaren politikak gure ahotsa indartu duela, eta bultzatu dituen legeen bidez (Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunaren aldeko Legea, Genero Indarkeriaren aurkako Osoko Legea, Genero Identitatearen Legea, Ezkontza Homosexualaren Legea, Mendekotasun Legea) gure duintasuna eta botere-eremuak berreskuratzen lagundu duela. Presazkoa da azken urte hauetan euskal politikaren ezaugarri izan dugun eremu itogarri estu honetatik ateratzea eta gure helburua beste emakume batzuenenarekin lotzea, hainbeste mugatzen gaituzten lurralde-mugak haustea.
3. Etorkizunerako proposamenak: Gizon eta emakumeen arteko ituna
PSE-EEren hitza hartzen dugu, desberdinen arteko, kasu honetan gizon eta emakumeen arteko, itunaren beharrari buruzkoa alegia. Horrek esan nahi du onartu behar dugula badirela nortasun desberdineko subjektu batzuk, eta subjektu horiek arau politikoak zein bizikidetasunaren eremua hitzartzen dituztela. Desberdinen arteko berdintasunak esan nahi du ondokoa finkatu behar dugula: solasaldi paritarioa, eragile moduan eta herritartasuna gauzatzen dugun subjektu moduan onartzen gaituen eremu politiko bat. Ez dugu politika paternalista gehiago nahi, hau da, ez jarraitu babestu beharreko izaki ahultzat hartzen. Politikaren eta lehentasunen diseinuan parte hartu nahi dugu! Eta erakunde publikoetan agerpen berdina izanik egin nahi dugu.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren itun honek, datorren gobernuak egingo dituen jarduera guztien lehentasunezko helburu izan behar du, ezen politika publikoak —batez ere gizarte, ekonomia eta zerga gaiei buruzkoak— ez baitira neutroak, ez dute eragin bera gizon eta emakumeengan. Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunaren aldeko Lege Organikoa betez, ondokoa nahi dugu: botere publikoen lege, arau eta jarduera guztien txostena egitea, eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrena.
Gure segurtasun fisikoa oinarrizko eskubidea da, baina oraindik ez dugu eskubide hori bermatuta. Bistakoa da lege-eremua, beharrekoa bada ere, ez dela nahikoa emakumeen aurkako tratu txarrekin eta indarkeriarekin amaitzeko. Indarkeria hori sistematikoa da eta etxearen intimitatean gauzatzen da, lekukorik gabe. Gure sentsibilitate bera duten beste gizonen konplizitatea behar dugu feminizidio hau geldiarazteko. Eusko Jaurlaritzari ondokoa eskatzen diogu: indarkeria matxista jendaurrean salatzea, emakumeen hilketa guztietan iritzia azaltzea, “herriko plazan jartzea" beste hilketa politiko batzuekin egiten den bezala.
Gizonen eta emakumeen arteko itun sozialak denboraren eta lanen banaketari ekin behar dio. Gai horrek bizitza pribatuan du eragina eta borondate ugari batu behar ditu lana eta familiar adiskidetzeari dagokionez. Oraindik ez dira nahikoak aitatasun-baimena saritzeko moduko legeak. Hori dela eta, proposamen ausartenetako bat ondokoa da: lantokietan egon beharreko denbora arrazionalizatzea eta malgutzea. Espainia ordutegi-malgutasun txikiena duen herrialdetako bat da. Lan-merkatuaren alderdi horri dagokionez, enpresetako jardunaldi luze-luzeek eta ordutegi malgutasun ezak eragin berezia dute emakumeengan. Egin dezagun Euskadin gai horri buruzko eztabaida eta atera ditzagun seme-alabei eskaintzen zaien denborari eta sustatzen dugun familia-ereduari buruzko ondorioak!
Itun bat nahi dugu, non Eusko Legebiltzarrak onestutako Berdintasun Legeak (2005) zein Kongresuan eta Senatuan onestutakoak (2007) aplikatzeko bideak finkatuko diren. Presazkoa da negoziazio kolektiboaren mahaietan ageriko gai batzuei buruzko itun bat egitea, adibidez emakumeek gizonek baino soldata txikiagoak izateari edo batez ere emakumeek okupatzen dituzten sektoreen ahultasunari buruz. Ezin dugu gehiago jasan lan-politika honen ondorioz sortzen den mespretxua eta misoginia.
Herritarrei dagokienez, Mendekotasun Legeak aurrera pausu garrantzitsua da, laugarren eskubide unibertsala onartzen baitu: mendekoekiko laguntza. Gainera, agerian utzi ditu laguntza hori ematen duten pertsonak, hau da, euren bizitza osoa eta osasuna laguntza behar duten pertsonen —mendekoen— ongizate fisiko eta psikikoaz zaintzeko eman duten emakumeak. Gure iritziz, Patxi Lópezek zuzenduko duen Eusko Jaurlaritzak, apustu argia egingo du laguntza behar duten pertsonei arreta emateko zerbitzuak garatzeko. Baina, gainera adin nagusiko emakumek egindako lan hori onartzeko eta ordaintzeko neurriak ere behar-beharrezkoak dira. Emakume horiei ahalik eta eskuzabaltasun handienarekin aplikatu behar zaizkie legeak jasotako ordainak eta Gizarte Segurantzarekiko sarrera.
Emakume askok ama izateari uko egin diote lan-ezegonkortasuna eta –ahultasuna bereziki jasaten dutelako eta Estatuak laguntza txikia eskaintzen duelako zenbait zerbitzu publikotan, adibidez haur hezkuntzan (oso garestia baita klase ertaineko gehienentzat). Hori dela eta, baliabide publikoak berriz banatzea eskatzen dugu, 0 eta 3 urte bitarteko haur-hezkuntzari laguntza emateko zerbitzu publikoen sarea sortzeko. Ondokoa ulertzeko garaia dugu: gaztetu nahi den gizarteak bere gain hartu behar duela datozen belaunaldien hezkuntzaren ardura! Inbertsio handia egin behar dugu etorkizunean herritar izango direnen baliabide ekonomiko eta emozionalei dagokienez.
Tamalgarria da egiaztatzea haurdunaldia etetea oraindik delitu dela, eta baliabide ekonomikoak dituzten emakumeek baino ezin dutela askatasun hori egikaritu medikuntza pribatuaren bidez. Beharrezkoa dugu moral bikoitz horrekin amaitzea. Abortua kode penaletik atera dezagun! Lege bat nahi dugu, haurdunaldia eteteari buruz emakume guztiek —baita baliabiderik ez dutenek— duten eskubidea bermatzeko modukoa. Ondokoa nahi dugu: Eusko Jaurlaritzak bere gain har dezan Espainiako Gobernuak hartutako bidea, emakumeen ugaltzeko autonomia eta osasunaren arretarako eskubidea bermatzeko osasun politika abian jartzekoa alegia.
Jakin badakigu hezkuntza sistema dela desberdintasuna errespetatzen duen eta emakume eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasunarekin konpromisoa duen herritartasunaren oinarrietako bat. Emakumeok hezkuntza-maila guztietara heldu bagara ere, oraindik ikasgeletan eta hezkuntza-orientabidean bizirik diraute ohiko balio eta jokaeretako askok. Hori horrelaxe da oraindik ez direlako beharrezko aldaketa kualitatiboak egin eta curriculumetan ez direlako emakumeen esperientzia eta ezagutzak sartu. Beraz, oraindik ikasleentzat maskulinoa denak jarraitzen du eredu unibertsala eta giza esperientziaren neurria izaten. Horrek galarazi egiten du pertsonalitatearen garapen orekatuagoa eta libreagoa, eta baita aukera berberak izatea ere. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak hezkidetzaren aldeko apustua egin dezala nahi dugu, berdintasunetik eta desberdintasunekiko errespetutik abiatuta gazteei benetan bizikidetasuna eraikitzeko aukera emateko modukoa.
Emakumeen herritartasun osoarekin benetan konpromisoa izango duen Eusko Jaurlaritza behar dugu, demokraziaren, gizarte justiziaren, garapen ekonomikoaren eta guztion zoriontasun handiagoaren baldintza baita. Oraindik indarrean diraute Flora Tristán feminista eta sozialistak 1843. urtean esandako hitzek: “Zuen interesaren izenean, gizonak; zuen hobekuntzaren izenean, zeurea, gizonak; guztion ongizate unibertsalaren izenean emakumeen eskubideak aldarrikatzeko konpromisoa luzatzen dizuet".

Iruzkinak
JAVIER(e)k idatzi zuen Martxoa 23, 2009 20:40
SOY DIVORCIADO ..... MUCHA IGUALDAD IGUALDAD .......PERO PARA CUANDO EL HOMBRE VA A SER IGUAL KE LA MUJER EN EL DIVORCIO ... SE LO HE KERIDO MANDAR A PATXI LOPEZ PERO NO HE PODIDO HACERLO ...UN SALUDO !!