Sartu

Nire euskara

Felipe Juaristi

Idaztea gustatzen zait, baina batez ere euskaraz idaztea gustatzen zait. Ez da berdin, niretzat bederen, euskaraz idaztea ala gazteleraz idaztea, biak neurri batez gure hizkuntzak badira ere. Ez da berdin, niretzat bederen, “maite zaitut!” esatea, ala “te quiero” esatea, biak neurri batez maitasun hitzak badira ere. “Maite zaitut” hitzei zentzua ematen diena haragia da. Belaunaldi askotako haragia behar izan da, denboran zehar isuririk, sentimenduak sortu eta arazteko. Hitz horiek, azkenik, maitasun hitz bilakatu dira. Gurasoei, adiskideei eta seme-alabei, gure haragiaren haragi direnei, esaten dizkiegun hitzak dira.

Gure aita zenak esaten zuen euskarak ez zuela asko balio behin Zumarragako mugak gaindituz gero. Hala ere, Vienan eta Berlinen, Parisen eta Londonen euskaraz hitz egiteko aukera izan dut, euskaldun jendearekin. Horrekin batera, euskaraz irakurri izan ditut nire poemak, tokiko itzulpenaz lagundurik. Hizkuntzen mugak, askotan, geuk jartzen ditugunak dira. Egoera asko aldatu da, dena dela. Zumarragaz haratago ere hitz egiten da euskaraz gaur egun, haragi berriek badakite “maite zaitut” esaten. Gazteleraz ere bai, jakina. Gero eta jende gehiagok hitz egiten du euskaraz, eta pozgarria da. Hitz egiten den euskararen maila ez da asko hobetu, ordea; kaskartu baizik. Eta hori kezkagarria da; baina ez dakit zer nolako neurriak har daitezkeen horretarako, denean dagoen gaitza baita. Gazteleraz ere gero eta okerrago hitz egiten da.

Euskaraz idaztea gustatzen zaidalako gustatzen zait erdaraz idatzitakoa irakurtzea, euskaraz idatzitakoarekin batera, nik euskararekin dudan harremana gazteleradunek ere gaztelerarekin duten antzekoa dela iruditzen baitzait. Haiek ere erdaraz euskaldunok euskaraz adierazi nahi ditugun sentimendu eta bizipozak adierazi nahi dituzte. Eta hala behar duelakoan nago, nork bereari eustea baita gizakion legea.

Nahi nuke euskara bazter guztietara zabalduko balitz, baina era berean nahi nuke bakoitzak, dituen aukeren artean, nahi duen hizkuntza hartuko balu. Badakit kontraesana dela; esaldi batek bestea neurri batez ukatzen baitu. Kontua da kontraesan hori ez dela sekula zuzenduko, eta beti bizi beharko dugula tentsio horren erdian. Aspaldi jabetu nintzen horretaz. Batzuek eskubide kontua dela diote. Euskara euskaldunon gainetik jartzen dute, halako absolutua sortuz. Ez dira konturatzen euskararik gabe ez badago euskaldunik, euskaldunik gabe ere ez dagoela euskararik. Eta euskaldunak ezin dira dekretuz sortuz. Nahi ez duenak ez du euskaraz egingo, ongi badaki ere. Euskara bultzatu nahi badugu, kontuan hartu beharko dugu hizkuntzak afektuak direla, sentimenduak direla, maitasun hitzak direla.

 

Dokumentuak: euskera, gaur

Iruzkinak

Oruga Oruguilla (Oruga)(e)k idatzi zuen Urtarrila 29, 2009 23:43

Hainbesterako al da???

(amezaga)(e)k idatzi zuen Otsaila 06, 2009 02:05

Ados nago zurekin, Felipe. Beti izan dut zure poesiarako atxikimendu berezia. Neuk ere "maite zaitut" esan ohi diet neure kuttunei, baina ez kantu pailazero horretan esaten duten modu itsusi eta borroki horretan, ez. Bihotzetik eta "haragitik" sortua baizik. Eutsi horri, Felipe, ez duk erraza izango, baina asko gaituk hire ondoan, ez pentsa. ea aldaketa denon artean lortzen dugun. Besarkada bat.

(UzRed)(e)k idatzi zuen Otsaila 08, 2009 11:37

ados nago zurekin felipe, esaldi batean izan ezik. zuk zera diozu: "eta euskaldunak ezin dira dekretuz sortu". hizkuntzen bilakaera politikaren menpe dago, hala gertatzen ari da tamalez Iparraldean 'française l'unique langue officiel'arekin. interesgarria izan dakizuke Josu Mezok egindako Irlanda eta Euskal Herriko hizkuntz politiken analisia:

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2008/12/28/sociedad/gipuzkoa/d28gip6.1378882.php

bukatzeko, gogoeta bat. zera diozu: "euskaraz idaztea gustatzen zaidalako gustatzen zait erdaraz idatzitakoa irakurtzea". bagara bi. kuriosoa egiten zait alderantzizkoa esan ezin dezaketenek dutela euren burua 'anitz'tzat, askotarikotzat, eta euskaraz ez dakiten haiek 'berdin maite dituztela euskera eta gaztelania', Zapatero dixit.

kae(e)k idatzi zuen Otsaila 12, 2009 13:05

Neuk be euskeraz idazten dot , euskerea dalako nire haragia eta nire odola. Euskerea da birikietako arnasa eta urrats bakotxa emotera bultzatzen nauen arima be.
Euskerea maite dot, munduratu nintzan herria maite dodan moduan.
Egia da, dekretu batek ezin dauz euskaldunak sortu. Dekretu batek ezin dau inor derrigortu .
Gurako neuke nik Euskal Autonomi Erkidegoko alderdi politiko guztiek gure euskerea maitatzea eta bultzatzea, baina ez da hori gertatzen.
Nagusia Madril aldean daben alderdi politikoek euskerea baztertu gura izan dabe hasiera hasieratik eta lan horretan ari dira orain be jo eta ke. Bardindu gura gaitue eta euskara apalategira eroan, gauza bitxiekaz batera.
Eta nik, Euskerea gura dot nire bizitzako arlo guztietan, osasun zerbitzuan, justizia arloan, hezkuntzan, dendetan eta tabernetan.
Eta hori, hizkuntz politika eraginkorragaz egiten da, eta ez alderdi sozialistak modan jarri gura dauan "borondate " horregaz. Askotxok ondotxo erakutsi dabe orain arte zein dan bere borondatea.