Klima-aldaketa, bakerako mehatxua
Antxon Olabe
Errusiako esploratzaile ospetsuena, Artur Chilingarov, 2007ko abuztuan espedizio baten buru izan zen; espedizio horren bidez bi itsaspeko txikik titaniozko kapsula bat jarri zuten, Errusiako bandera eta guzti, 4300 metroko sakoneran, Ipar Poloaren azpian. Moskuk dio Lomonosov itsaspeko mendikatea bere plataforma kontinentalaren luzapen bat dela eta, hori dela eta, Itsasoko Nazioarteko Legearekin bat etorriz, Sakoneko Ipar izenarekin ezagutzen dugun leku horren subiranotasuna eskatu du. Berotze orokorra dela eta, izotz artikoak pixkanaka-pixkanaka desagertuz doaz, eta horrek zenbait eztabaida geo-politiko sortu ditu lurralde horren inguruan, ezen, Estatu Batuetako Azterketa Geologikoen Zentroak egindako ikerketek diotenaren arabera, bertan baita oraindik planetan aurkitzeke ditugun baliabide hidrokarburoen laurdena.
Atzerriari buruzko Politikako Europako Goi Ordezkariak, Javier Solanak, eta Europako Batzordeak, elkarrekin txosten garrantzitsu bat aurkeztu zioten 2008ko udaberriko Kontseiluari; klima-aldaketa eta nazioarteko segurtasuna izenburua zuen txosten horrek. Aipatutako txostenak ondokoa ondorioztatu zuen: atmosferaren tenperatura zientzia-komunitateak adierazitako segurtasun-mailatik -industria aurreko garaietan zegoen tenperatu baino bi gradu gehiago- gora igoz gero, hamaika gatazka sortuko dira, klima aldaketak sortutako ekonomia-, politika-, ingurumen- eta gizarte-eraginen ondoriozkoak. Saharako hegoaldeko Afrika, Ekialde Ertaina, Asiako mendebaldea eta Asiako Erdialdea, Latinoamerika eta Karibea, eta baita Artikoa ere, arrisku-eremutzat hartzen ditu txostenak.
2007ko apirilean, Gobernu Britainiarraren ekimenez, une horretan kanpo arazoetako idazkari zenak, Margaret Becckettek, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren bilkura bat zuzendu zuen; bilkura horretan, lehendabiziko aldiz, bakar-bakarrik klima-aldaketari buruz hitz egin zuten. 50 estatuko ordezkarik parte hartu zuten. Kontseiluan Beckett andreak ondokoa esan zuen: "klima-aldaketa ez dela segurtasun nazionaleko ohiko arazo bat, elkarrekiko mendekotasun duen mundu ahul honetan guztion segurtasunarekin lotutako gaia baizik".
Zientziak klima-aldaketaren ulerkuntzan aurrera egin duen neurrian, arazoaren kontzeptua aldatuz joan da, ingurumen-arazotzat hartzetik, jasangarritasun osoko arazo izatera, gizarte- eta ekonomia-eremuetan eragina baitu. Gaur egun segurtasun orokorreko arazo moduan ikusten hasi da, eta gerora begira, oinarrizko giza eskubideetan ere eragina izan dezake; horixe bera defendatu zuen Oxfamek Nazio Batuetan.
Oraingo klima-krisiak segurtasun orokorrerako mehatxua azalerazten du bi arrazoi-mota direla-eta. Hasteko eta behin, bi gradutik gora tenperatura igotzeak, ezezagun zaigun klima-lurralde batean murgiltzen gaituelako, eta itzulezin izan daitezkeen eraginak izan dezakeen klima-aldaketa sortzeko arriskua dago. 1900. urtetik atmosfera 0,76ºC berotu da. Orain dela 12.000 urte hasitako fase interglaziarreko tenperatura beroena dugu, edo beroena izango da laster. Berokuntza horren azpian isurketak ditugu, eta 1970tik 2004ra %70 egin dute gora, Rajendra Pachaurik Bakearen Nobel saria onartu zuenean emandako hitzaldian adierazi zuenez. Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu-arteko Taldeari (ingelesez IPCC) eman zioten aipatutako saria.
Bigarrenik, aipatutako mailatik gorako klima-aldaketak gizarte-, ekonomia-, ingurumen- eta politika-ezegonkortasun handia sortuko duelako mundu luze zabaleko lurralde askotan; horrek eragina izango du nazioarteko bake eta segurtasun orekan, eta oreka hori lortzea zaila izaten da beti. Horrela bada, IPCC taldeak dio ur-erabilgarritasunak behera egin dezakeela ehuneko 20 edo 30 zenbait lurraldetan, adibidez, Sahel, Afrikako Adarrean eta Ekialde Hurbilean, gaur egun dagoeneko estres hidriko handia pairatzen baitute. Ur-urritasunak, basamortutzeak eta horrekin lotuta dauden arazoek migrazioak areagotuko dituzte, eta zenbait gatazka sortuko dira joan-etorri eremuetan eta migrazioa jasotzen duten herrialdeetan; horixe gertatzen da Europan, eta bereziki Espainian, dagoeneko jario horien sarrera-atea baita.
Beste eragin bat ondokoa da: izugarrizko klima-gertaerak maiztasun eta indar handiagorekin gertatzen direla, adibidez, bero-boladak, ekaitz tropikalak, urakanak, lehorteak eta tanta hotzak. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Europan 2003ko udan izandako bero-boladaren ondorioz 30.000 pertsona hil ziren behar baino lehen. Gainera, ondoko faktoreak ere eragina izango du nazioarteko segurtasunean: lurralde ezegonkorretan energia nuklearraren erabilera handitu daiteke.
IPCCk adierazi duenez, tenperatura 2ºC igo ez dadin, 2050. urterako munduko isurpenak 1990. urtean egindako isurpenen erdira gutxitu beharko genituzke. Zenbait bide daude horretarako. Hona hemen iragaite errazena: 2020. urtean gutxi gorabehera isurketa guztien maila gorenera heldu eta, hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka isurketak gutxituz joan XXI. mendearen amaiera arte.
Gaur egun negutegi-efektuko gas kopuru handiagoa isurtzen duten herrialdeak Estatu Batuak, Txina, Europar Batasuna, Errusia, India, Japon eta Brasil ditugu. Lehen mailako basoen desagerpenaren ondorioz sortzen diren isurketak kontuan edukiz gero, Indonesia ere sartu beharko genuke zerrenda horretan. Zerumugan garrantzi biziko bi gertaera ditugu, goreneko maila horretara heltzea baldintzatzeko modukoak. Horrela bada, 2020. urtean Lurreko %90 biztanle azalerazten diren eta garapen bidean diren herrialdetan biziko dira, eta per capita errenta, batez beste, herrialde aberatsena baino txikiagoa izango da, zazpi eta hamar bider artean. Euren lehentasuna, logikoa denez, hazkunde ekonomikoa izango da. Gainera, 2020. urte inguruan negutegi-efektuko gas-isurketa gehienak azalerazten diren eta garapen bidean diren herrialdetan sortuko dira.
Ondoko metaforak azaltzen du egoera hori: ozeanoa abiadura handiz zeharkatzen duen transatlantikoak eta, gainera, gero eta azkarrago doa. Ontziak inertzia handia darama eta ibilbidean bira garrantzitsu bat egin behar du oso denbora laburrean. Maniobra hori berez zaila da, eta gainera konplikatu egiten da ontzian kapitain bakarra izan beharrean, kapitain-talde bat duelako -isurketak egiten dituzten Estatu nagusiak-, eta bakoitzak ontziaren ibilbidea eta horrekin lotutako arazoak ulertzeko modu bat du.
Isurketen gaur egungo eszenatokia eta aipatutako joerak direla-eta, zalantzan jarri behar dugu ea dugun erakunde-arkitekturak egoera zuzentzeko behar duen boterea duen eta eraginkorra den edo ez. Gure ustez, erantzuna ezetz da. Klima-krisia segurtasun orokorrean sortzen den arazotzat hartzeak ondokoa dakar berekin: horri buruzko erabakiak goreneko mailan hartu beharko direla. Horrek esan nahi du mahai gainean jarri behar dela Segurtasun Kontseiluak bete behar duen funtzio. Gure ustez, garrantzi handiko arrazoiak direla-eta, nazioarteko segurtasun arazoei aurre egiteko, botere politiko eta legal handiena duen nazioarteko entitatea inplikatu beharko da zuzenean.
Kontseilua handiagoa izan beharko litzateke, ordezkagarritasun zabalagoa izateko eta klimaren krisi orokorra zuzentzeko gaitasun handitzeko. Aukera bat ondokoa litzateke: Gaur egungo kide iraunkorrekin batera -Estatu Batuak, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia eta Errusia- klimaren krisiaren konponbidean erabakigarriak diren herrialdeak ere sartzea -India, Japonia, Brasil, Indonesia eta Hegoafrika. Munduko %60 biztanle bizi dira aipatutako hamar Estatu horietan eta, gainera, isurketa guztien %70 egiten dute. Planetako baso handienak daude estatu horietan, eta ezinbestekoa da baso horien estolda-zulo funtzioa babestea. Horiei guztiei Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA) parte hartzeko eskatu diete jada.
Indarrean dugun Esparru-hitzarmenean lan eginez, Nazio Batuen laguntza osoa eta IPCCren aholkularitza zientifikoa izanik eta Segurtasun Kontseilua handituz eta berrituz gero, baldintza ezin hobeak izango genituzke mundu mailako botere bat eratzeko, eta gai izango beharko da estrategia bat aplikatzeko, klima-krisiak sortzen dituen erritmoetara egokitutako estrategia alegia.

Iruzkinak